AQUITAINE.eus: MUGAZ GAINDIKO ELKARLANERAKO KULTUR EGITASMOA

Eusko Jaurlaritzak eta Aquitaine eskualdeak osatzen zuten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2016ko urtarrilean.

Hitzarmenaren bitartez sinatzaileak lankidetzan ari dira bi norabidetan:

Batetik, Ipar eta Hegoaldeko euskal kultur sortzaileen lanak Akitaniako diziplina ezberdinetako jaialdi eta ekitaldietan erakusten dituzte. Bestetik, Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzen dituzte.  

Gainera, 2017az geroztik, euroeskualdearen lurralde eremua bikoiztu egin da. Batetik, 2016an abiatu zen Frantziako lurralde antolaketa berriaren ondoren, Akitania eskualdeak bere baitan hartu ditu Poitou-Charentes eta Limousin eskualdeak Akitania Berria sortuz. Bestetik, Nafarroako Foru Erkidegoa ere euroeskualdearen partaide izatera pasa da, eta honekin, Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Erakundea Aquitaine.eus proiektuko bazkide berria izatera pasa da.

Gaur egun, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak 8,7 milioi biztanle ditu eta ia 100.000 kilometro karratuko azalera du.