Kirmen Uribe, Lettres du Monde jaialdian

Frantziako Akitania Berria eskualdean egiten den Lettres du Monde (Munduko eskutitzak, euskaraz) jaialdian parte hartuko du Kirmen Uribe idazleak. Bertan, Elkarrekin esnatzeko ordua (L’heure de nous réveiller ensemble) bere azken liburuaren frantseserako itzulpena aurkeztu eta hainbat hitzalditan hartuko du parte.

Lettres du Monde jaialdiak nazioarteko eta literaturaren munduko 20 bat lagun – idazleak, itzultzaileak, editoreak – biltzen ditu urtero Akitania Berriko hainbat hiri eta herritan aurkezpenak eta hitzaldiak egiteko. Aurtengoa 15. edizioa da, eta azaroaren 16tik 25era burutuko da. Gonbidatuen artean, Yemengo Ali Al-Muqri saiakera-idazlea, Elsa Osorio idazle argentinarra, Khaled Khalifa gidoilari siriarra, Javier Cercas idazle espainiarra edota Estatu Batuetatik datorren Brian van Reet idazle eta soldadu ohia izango dira, besteak beste.

Uribe hainbat saiotan arituko da jaialdian zehar. Batetik, azaroaren 18an, igandea, Javier Cercas idazlearekin eztabaidatuko du Écrire l’Espagne d’hier et d’aujourd’hui (Atzoko eta gaurko Espainia idaztea) gaiaren inguruan, Bordeleko La Machine à Lire liburu-dendan, 11:30ean. Bordeletik mugitu gabe, beste bi hitzaldi ere emango ditu azaroaren 20an, asteartea, Être basque, un engagement littéraire (Euskaldun izatea, konpromiso literarioa) izenpean: bata Bordeaux Montaigne Unibertsitatean, 13:30ean, eta bestea Cervantes Institutuan, 18:00etan.

Jaialdiaren baitan, Bordelen ez ezik, Euskal Herrian ere izango ditu hitzorduak.  Azaroaren 16an, ostirala, bere Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren aleak sinatuko ditu Baionako Hirigoyen liburu-dendan, 18:00etan. Azaroaren 17an, larunbata, bi hitzaldi emango ditu: bata, Être basque aujourd’hui (Euskaldun izatea gaur) izenekoa, Angeluko herri-liburutegian, 11:00etan; eta bestea, Avec au coeur la langue basque (Euskal hizkuntza, bihotzez) izenekoa, Donibane Lohizuneko 5ème Art liburu-dendan, 17:00etan. 

Euskal sorkuntzaren leihoa Bordelen

Bordeleko Le Rocher de Palmer kulturguneak euskal kulturari leihoa zabalduko dio udazken honetan berriz ere. Aurtengoan, Patxi Laskarai argazkilariaren erakusketa bat egongo da ikusgai azaroan zehar, eta Bilaka eta So.K. konpainien euskal dantza ikuskizunak eskainiko dira azaroaren 16ean.

Patxi Laskarai lekunbertarrak (Nafarroa Beherea)  Euskal Herriko paisaien argazkiak biltzen ditu Gure Bazterrak (Paysage) erakusketan. Bere erretratuetan izaki bizidunik agertzen ez den arren, argazkilariaren obrak bizitasun handia transmititzen du, mugimendua eta argia baliatuz izoztutako momentuei esker. Erakusketa azaroaren 8tik 29ra bitarte egongo da ikusgai kulturguneko Galeries de Verre gunean, eta hilaren 16an aurkezpen ekitaldia egingo da bertan. Sarrera doakoa izango da.

Halaber, Danses Basques – Nouvelles Générations izenpean, Bilaka eta So.K. dantza konpainiek ikuskizun bana eskainiko dute azaroaren 16ean 20:30etan, Rocher 650 aretoan. Batetik, Bilaka konpainiako bost dantzarik eta perkusio-jole batek soka-dantzaren berrikuspen bat proposatuko dute Soka izeneko emanaldian. So.K. konpainiak, bestetik, euskal dantza eta dantza garaikidea nahastuko ditu Hatsa izeneko ikuskizunean, hamabi dantzari eta bost musikariren eskutik. Sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa da webgunean erreserba egitea.

Aipatutako kultur jarduerak Etxepare Euskal institutuak, Euskal Kultur Erakundeak eta Nafarroako Vianako Printzea Erakundeak elkarlanean sustatzen duten Aquitaine.eus programaren baitan txertatzen dira. Programa horrek Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzea du helburu.

 

Euskal Herriko hamabi ekoizpen etxe, Sunny Side of the Doc azokan

Sunny Side of the Doc dokumentalen nazioarteko azoka garrantzitsuenetarikoa da, eta bertan izango da beste behin euskal ikus-entzunezkoen sektorea Eiken (ikus-entzunezkoen klusterra), Zineuskadi eta Etxepare Euskal Institutuak sortu eta bultzatutako Basque Audiovisual markapean.

Sektoreko profesionalentzat ezinbesteko topagunea den azoka honek 60 herrialdetako 2000tik gora profesional bilduko ditu ekainaren 25etik 28ra bitartean Arroxelan (Frantzia). Mundu osoko banatzaile, erosle, sortzaile eta ekoizleak izango dira bertan dokumentalak ezagutzera eman eta kanpoko merkatuetara sartu, finantzaketa lortu, lankidetzarako bazkideak bilatu edota sektoreko joera berrienak ezagutzeko helburuarekin.

Hori dela eta, azoka aukera paregabea da urtero euskal ekoizpen etxeek euren dokumental proiektuak ezagutzera emateko eta nazioarteko merkatu nagusietako profesionalengana eta balizko erosleengana iristeko.

Hauek dira aurten Sunny Side of the Doc-era bertaratuko diren ekoizpen etxeak: Altube FilmeakArena ComunicaciónBainet ZinemaGastibeltza FilmakHaruru FilmakIrusoinMarmoka FilmsMirokutanaSincro ProduccionSonora EstudiosSr y Sra eta Taui Media. Halaber, urtero Donostiako Zinemaldian Ibaiak (Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) antolatzen duen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa eta  Iparraldeko Kanaldude telebista ere egongo dira ordezkatuta.

Sektoreko profesionalak Etxepare Euskal Institutuko, Eikeneko eta  Zineuskadiko ordezkariekin batera arituko dira lanean Basque Audiovisual standean. Aurtengo dokumental proiektuak jasotzen dituen katalogoa ere banatuko da bertan. 32 dira guztira: 13 garapen prozesuan daude, 9 ekoizpen prozesuan eta 10 bukatuta.

Ekintza honen helburua da euskal ikus-entzunezko sektoreari ikusgarritasuna ematea eta marka indartsu bezala finkatzea, atzerriko merkatuetan bere produktuen berrikuntza eta kalitateari esker ezaguna izan dadin.

 

Cholitas, pitching-erako hautatua

Lau egunean zehar eztabaidak, networking ekitaldiak eta pitching saioak antolatzen ditu azokak. Hain zuzen ere, saio hauetan 11 herrialdetako 42 proiektu aurkeztuko dira, eta horietako bat izango da Cholitas, gizarte intereseko proiektuen kategorian. Arena Comunicación ekoizpen etxearen lan honek Boliviako sei emakume indigenak Aconcaguara igotzeko egindako espedizioa du oinarri. Jaime Murciego eta Pablo Iraburu egileek proiektua nazioarteko 350 ekoizle, banatzaile eta erabaki-hartzaileren aurrean azaltzeko aukera izango dute asteartean.

'Projection Basque' egonaldi artistikoaren amaierako lana ikusi nahi duzu?

Joan den hilabetean burutu zuten Bordeleko Le Rocher de Palmer aretoan  ‘Projection Basque’ egoitza artistikoa, eta egunotan jarraipena emango zaio Errenteriako Niessen aretoan, martxoaren 6,7 eta 8an. Egonaldian Las Hermanas Caronni  musikari franko-argentinarrak, Benjamin Colin perkusionista eta poeta sonoro Donibane Lohizundarrak eta Errenteriako Kukai Dantza taldeko Martxel Rodrigez dantzariak hartuko dute parte.

Hilaren 8an, egoitzaren emaitza erakusteko kontzertua eskainiko dute, arratsaldeko 19:00etan: sarrera doakoa da, baina eserlekuak mugatuak direnez, izena-ematea beharrezkoa da Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. emailera mezu bat bidaliz.

Egitasmo honetan argazkilaritzak, dantzak, margolaritzak eta Argentinako musikak egiten dute bat, izan ere, parte hartzaileak Patxi Laskarairen argazkietan eta Stéphane Carricondoren (Collective 9th Concept) margolanetan oinarritu dira.

Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da egitasmoa. 2016an jarri zen abian proiektua, eta Akitaniako eta Euskal Herriko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzen ditu.

´Projection Basque´ erresidentzia artistikoa Bordelen

Urtarrilaren 22tik 26ra bitartean “Projection Basque” erresidentzia artistikoa burutuko dute Bordeleko Le Rocher de Palmer aretoan.  Las Hermanas Caronni  musikarifranko-argentinarrak, Benjamin Colin perkusionista eta poeta sonoro Donibane Lohizundarrak eta Errenteriako Kukai Dantza taldekMartxel Rodrigez dantzariak hartuko dute parte bertan, eta hilaren 26an eskainiko duten kontzertuarekin emango diote amaiera. Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da egitasmoa, eta honen helburua Akitania, Iparralde, eta Hegoaldeko sortzaileak elkarlanean jartzea da.

Erresidentzia honetan argazkilaritzak, dantzak, margolaritzak eta Argentinako musikak egingo dute bat, izan ere, parte hartzaileak Patxi Laskarairen argazkietan eta Stéphane Carricondoren (Collective 9th Concept) margolanetan oinarrituko dira.

Urtarrilaren 26an, 19:30ean erresidentzia amaiera kontzertua eskainiko dute Bordeleko aretoan,  Edmond Bilal Band jazz laukotearekin batera. Sarrera doakoa izango da, eta lekuak aldez aurretik gorde beharko dira honako estekan.

Esan bezala, Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da egitasmoa. 2016an jarri zen abian proiektua, eta Akitaniako eta Euskal Herriko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzen ditu.