Ezagutu Aquitaine.eus egitasmoaren udazkeneko programa

Urte eta erdi bete du jada Aquitaine.eus programak. Hari esker, Akitania eta Euskadiko kultur sortzaileen arteko harremana eta mugaz gaindiko elkarlana sustatzen dira. Horretarako euskal sortzaileen lanak Akitaniako kultur esparru ezberdinetan programatzen dira, eta dagoeneko ikus daiteke udazken honetan antolatu diren ekitaldiak.

Azaroaren 8 eta 9an, Juan Mari Beltran eta Mixel Etxekopar musikariek musika tradizionaleko ikastaro-tailerrak eskainiko dituzte Bordeleko hainbat eskolatan.

Azaroaren 9an, bi musikariak Bordeleko Le Rocher de Palmer aretoan estreinatuko den Zuhainpeko Soinuak ikuskizunean egongo dira.  Zuberoako musikei buruzko ikuskizuna da Zuhainpeko soinuak, eta ahozko transmisioa du ardatz. Mireia Gabilondok zuzenduta (Tanttaka Teatroa), Zuberoako musiken adierazgarri nagusi den Jean Mixel Bedaxagar euskal herri musikako erreferenteetako batekin ikusi ahal izango da agertokia partekatzen: Juan Mari Beltran. Mixel Etxekopar, Sacha Standen, Mathieu Mendizabal, Pierre Vissler eta Ander Barrenetxearekin batera, doinu berriak sortuko dituzte, beren sustrai tradizionalenak abiapuntu hartuta.

Ikuskizun honen aurretik inauguratuko dute, hain zuzen, aretoan azaoraren 3tik 28ra bitartean ikusgai egongo den Titika Rekalt pastoralgile eta argazkilari xiberotarraren erakusketa: Zeihar Soak. Inaugurazio ekitaldian EKE (Euskal Kultur Erakundea) zein Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak izango dira. Bi erakunde horiek dira, Eusko Jaurlaritzak eta Nouvelle Aquitaine Eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdearekin batera Aquitaine.eus proiektua abian jarri zutenak.

Azkenik, abenduaren 2tik urtarrilaren 31ra, Bordeleko Bordeleko Quartier Meriadeck auzoko mediatekara gerturatzen diren horiek euskal dantza tradizionala jorratzen duen SOKA erakusketa ikusi ahal izango dute.

 

Akitaniako programatzaileak euskal jaialdietan

Aquitaine.eus proiektuak aurrera darrai, Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzen. Euskal sortzaileen lanak Akitaniar ikuslegoari gerturatzeko asmoz, bertako programatzaileak euskal jaialdi eta azoketara ekarri ditu egitasmoak azken hilabeteotan. 

Martxoan Donostian antolatu zen dFERIA arte eszenikoen azokan, Tanttaka Teatroaren “Soka” antzezlana itzuli eta frantsesezko goitituluekin eskaini zen, hartara Akitaniako programatzaileek ikus zezaten, lanari bide berriak irekitzeko asmoz.

Bestalde, Leioako Umore Azokan (Maiatzak 18-21) ere izan zuen bere ekarpena Aquitaine.eus proiektuak, eta Akitaniako programatzaileak gonbidatu zituen euskal konpainiak ezagutu eta horien obrak ikustera. Esaterako, Festival de la Music a la Rue jaialdiko Bruno Brisson programatzailea edota Libourneko Fest’Arts jaialdiko zuzendaria gonbidatuak izan ziren. Beste hainbat programatzaile ere izan ziren azokan, hala nola, Ipar Euskal Herriko Filgie Claverie.

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak 2016an abian jarritako proiektuak abuztuan Libournen egingo den Fest’Arts jaialdian ere izango du oihartzuna, izan ere, bi euskal konpainia izango dira bertan parte hartzen: KpiqA Cpllective eta Proyecto Larrua

 

2017 urtean ere euskal kultura Akitanian

Martxoan beteko da urtebete Aquitaine.eus proiektua abian jarri zenetik. Bidea hasia du egitasmoak, baina oraindik ere ibilbide luzea du aurretik. 2017an Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzen jarraituko du euskal kulturari Akitanian ikusgarritasuna emateko.

Esaterako, 2016an abiatutako lan-ildoari eutsiz euskal musika taldeek Bordeaux-Cenongo Le Rocher de Palmer kulturgunean aritzeko aukera izango dute. Abuztuan, eta urtero legez, Libourneko Fest'Arts kaleko arteen jaialdia euskal antzerki eta dantza taldeen erakusleiho bihurtuko da eta Donostian antolatzen den Dferia antzerki azokan euskal antzezlanak eskainiko dira frantsesezko azpitituluekin, kanpoko programatzaileek ikus ditzaten. Bestalde, SOKA euskal dantzaren inguruko erakusketa Akitanian zehar ikusi ahal izango da, eta Euskadiko Filmategiaren 'Euskal Zinema: zinemagileen hiru belaunaldi' liburua frantsesera itzuliko da, euskal zinemagintzari bultzada emateko asmoz. 

Eusko Jaurlaritzak eta Aquitaine-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak sinatu zuten lankidetza hitzarmenak 2016an eman ditu lehen fruituak, eta esaterako udazken honetan euskal jazz-a izan da protagonista Bordelen: Donostiako Jazzaldiaren inguruko erakusketa egon da ikusgai, eta Iñaki Salvador Trio taldeak kontzertua eskaini zuen. Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena akordeoi-joleak ere tailerra eta kontzertua eskaini zituzten.